2010-05-11

Olerkiak

"Irakurketa sustatzen" planari jarraituz, pentsatu genuen olerkiak edo testu laburrak grabatzea. Horretarako, kasu honetan, Mertxeren gelakoek prestatu dute olerki bana eta hemen ditugu emaitzak:
Aurkezpena,
Infinitu (Joxantonio Ormazabal)

Zenbat ur tanta daude
itsas zabalean?
Zenbat izar
zeru urdinean?
Zenbat letra
liburuetan?
Zenbat minutu
ote ditu
mundu zahar honek?
Infinitu.
Zenbat malko isuri dira
sufrimentuaren ontzitik?
Zenbat musu banatu dira
maitasunaren kutxatik?
Infinitu.
Baina infinitu
zenbat da, aizu?
Malkoak ur tanta
bihurtzen direnean
minutuak letra
eta izarrak musu
infinitu zenbat den
orduan jakingo duzu.

Lagun bat (Kirmen Uribe)



Bada gorroto dudan lagun bat.
Zuhaitzean gora egin nahi dudanean
"ez, ez, ez, hobeto ez, " esaten dit,
"laprast eroriko zara lurrera".
Bada gorroto dudan lagun bat.
Futbolean jolastu nahi dudanean
"ez, ez, ez, hobeto ez," esaten dit,
"ipurdi azpitik sartuko dizute gola".
Bada gorroto dudan lagun bat.
Gustuko neskarengana hurreratzean
"ez,ez,ez, hobeto ez, " esaten dit,
"ez du zurekin nahiko berak".
Bada gorroto dudan lagun bat.
Anaia txikiari musu eman nahi badiot
"ez, ez, ez, hobeto ez" esaten dit
"esnatu egingo duzu umea".
Bada gorroto dudan lagun bat.
Lagun horren izena Lotsa da.
"Ez, ez, ez, inola ez " esaten diot gauero
"bihar, bihar ez dizut kasurik egingo ... bada

Ogia eta ura (Joxantonio Ormazabal)



Hau
hori
eta hura.
Edaririk onena
iturriko ura.
Hemen
hor
eta han
ogia "pan",
ebaki eta jan.

Inurria uretan (Joxantonio Ormazabal)


Igoko luke zuhaitzik altuena
baina ez luke pasatuko
errekarik txikiena.
Inurri batek
eman dit gaur pena.
Urak zeraman
errekan behera.
Hankak mugitu arren
alde batetik bestera
ezin irten lehorrera.
Nik ez dut nahi ikusi
inurririk uretan,
ez malkorik begietan
ez penarik bihotzetan.

Beltza (Joxantonio Ormazabal)



Beltzak ez dira ongi bizi
zurien artean.
Ez al dituzu ikusi
zeure etxeko atean?
Iruditzen zait
askotan hobeto bizi dela
txakurra katean.
Denok berdinak garela
esaten dugun bitartean
gezurrik eta goserik
ez da falta
gure gizartean.
Ezin dut ulertu (Joxantonio Ormazabal)


Amak esaten dit:
"Isilik zaudenean politagoa zara."
Baina sukarrarekin gaixo nagoenean
jartzen dit eskua kopetan
eta begira zer esaten didan, hara:
"Ez al daukazu hizketarako gogorik,
ez al zaude ondo, Ainara?"
Nik ezin dut ulertu.
Zergatik nahi ote nau amak
gaixo nagoenean berritsu
eta ondo nagoenean mutu?
Bihotzik gabeko panpina (Joxantonio Ormazabal)


Elur zuri hotz-hotzez
egin dugu panpin motza,
tripa handia
eta sudur zorrotza.
Denok entzun dugu
haren hitz-hotsa:
"Nork prestatuko dit,
urtu arte bakarrik,
nork prestatuko dit
bihotza?"
Euri tanta (Joxantonio Ormazabal)



Ni euri tanta banintz
egingo nuke zure sudurrean txirrist,
lurrera erortzean salto
eta hodeietara joango nintzateke berriz.
Gure mundua (Joxantonio Ormazabal)

Hostoak agur
udazkenean zuhaitzari
elurrak ere bai
udaberriko eguzkiari.
Etorri eta joan
jaio eta hil.
Gure mundua
biribil borobil
biraka dabil.
Elurra beltz
eta ikatza zuri.
Odola berde
porrua gorri
egia gezur
gezurra egi...
metro beteko sudurra
hazi zait niri.
Hiria (Joxantonio Ormazabal)

Semaforoa kukuka
hiru kolore keinuka.
Anbulantzia oihuka
ñiu-ñiu-ñiuka.
Motor beltza orruka
burrun-burrun-burrunka.
Auto guztiak marruka:
ziu-fiu-fiuka.
Ilargia kulunka
eta maiteminduak musuka.
Eguzkia elurretan (Joxantonio Ormazabal)

Elur bigun hotz-hotzak
soineko txuri-txuriz
jantzi ditu
lizar eta haritzak,
azukrezko maindirez
estali harkaitzak.
Zelai zuri leunean
irrista ta txirrista
jolasean dabiltza
eguzkiaren printzak.
Isil-Isilik dator (Joxantonio Ormazabal)



Isil-Isilik
Harri leunen gainean,
itsasora doa
ibai gardena.
Horrelaxe dator niregana
maitatzen nauena.

Ametsak (Joxantonio Ormazabal)


Maindire zuri artean
ezkutatzen dira nire ametsak.
Berdinak direla
zuriak eta beltzak.
Nazio probreei laguntzen dietela
nazio aberatsak.
Diruak baino gehiago
balio duela bizitzak.
Isildu direla betirako
bonba eta fusil hotsak.
Baina jaikitzen naizenean
pena hartzen du nire bihotzak.
Maindire zuri artean
ezkutatzen direlako nire ametsak.

Ama (Joxantonio Ormazabal)



Gu garbitzeko
bera zikindu,
urak horixe
egiten du.
Amak bere umea
maite du benetan
iribarre egiten dio
nahiz eta bera egon
barrutik penetan.
Ura da
izadiaren ama
gu gara
amaren zama.

Bi gezur eta bi egi (Joxantonio Ormazabal)



Bi gezur eta bi egi
kontatutzera noa ni.
Gezurra ala egia?
Zortzi eta lau hamabi.
Autoa ala berebil
ni txofer ikasten nabil
gezurra ala egia?
Nire autoak bost gurpil.
Gu hamar anai izanda
bakoitzak badu arreba.
Egia ala gezurra?
Gu hogei senide gara.
Nondik jaiotzen da, nondik?
Nik behintzat hori badakit
gezurra ala egia?
Saguzarra arrautzatik.

Askatasuna (Joxantonio Ormazabal)



Pinpin-txoria
Txin-txin txin-txiri
kanta kantari,
adarrez adar
salta saltari.
Zezen gorria
ufa-ufaka
ipur saltoka
eta adarka.
Jolaserako
gogoa dauka.
Kaiolarik ez
txoriari!
Ezpatarik ez
zezenari!
Ireki leihoa
askatasunari!

Zorionak zuri (Joxantonio Ormazabal)



Hamar urte
bete ditut bete,
etxean eta kanpoan
zoriondu naute,
bi belarriak, tira eta tira,
gorritu dizkidate.
Erregaliak ere jaso ditut
ez gutxi, dexente.
Orain mahai baten inguruan gaude
gaileta, pasta eta txokolate
eta lagun guztiak niri kantari:
"Zorionak zuri, Bixente!"

Amaren sabelean (Joxantonio Ormazabal)



Goxo-goxo, epelean
hor dago haurtxoa
amaren sabelean.
Negar egingo du
jaiotzean denean,
maxka-maxka hasiko da
amaren bularra
aurkitzen duenean.
Baina utzi oraindik
haurrari bakean
epel-epel, goxo-goxo
amaren sabelean
jaiotzeko ordua
iritsi bitartean.

Aitonaren bastoia (Joxantonio Ormazabal)



Aitona hil zait eta
amonak esan dit:
"Hura zeruan dago
ez izan dudarik".
Eta amonari
galdetu diot nik:
"Baina nola ez du, ba,
eraman bastoirik?"
Gezurretan (Joxantonio Ormazabal)


Elurra beltz
eta ikatza zuri.
Odola berde
porrua gorri
egia gezur
gezurra egi...
metro beteko sudurra
hazi zait niri.
Negarrez (Joxantonio Ormazabal)


Txio eta pio
Txoriaren kantuari
Negarra dario
Ehiztari batek
Lagunik maiteena
Tiroz hil baitio.
Sí eta No (Joxantonio Ormazabal)


Goizetan logure
eguerdietan gose,
gazteleraz "no sé".
Goizetan jaiki
eguerdietan jan,
"Lenguaje"eskolan.
Sí eta no
bai eta ez
ikasten ari naiz
las, los, les.
Txikiegia oraindik (Joxantonio Ormazabal)


"Zu txikiegia zara oraindik".
Entzun dut hamaika mila aldiz.
Ezin naiz ibili plisti-plasta
ezin naiz ibili zaldiz.
-Ama, ez kendu telebistarik.
Pelikula hori ikusi nahi dut nik.
-Zu txikiegia zara oraindik,
eta zoaz azkar ohera.
Sartu naiz ohean, deitu diot aitari
eta ipuin bat kontatzeko eskatu berari.
Baina gogo gutxi aitatxok
alabaren kutixia betetzeko:
-Handiegia naiz ni, ume,
zuri ipuinak kontatzen hasteko.
Eta bada garaia lo egiteko.
Telebistari begira
aitatxo eta amatxo
egongelan gelditu dira
mantxo-mantxo.
Batzuk handiegiak
besteak txikiegiak...
maindirepean bustirik
daude nire begiak.

2 comentarios:

Esperanza Allende dijo...

Izugarri polita! Zoritzarrez egungo ume batzuei gertatzen zaiena islatzen baitu!

Esperanza Allende dijo...

Zoritxarrez