2010-04-17

Ipuinak

Lankide baten bitartez, jakin izan dut, urtero, Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketa antolatzen dela. Lehen aldiz 1989an egin zen eta dagoeneko XXI. ekitaldiaren ipuinak argitaratuta daude. XXII. ediziorako deialdia 2010eko urtarrilaren 29an bukatu zen eta ekainean izango da sarien banaketa. Urtero 800 ipuin inguru aurkezten dira.
Lehiaketa honen helburua Lehen Hezkuntza (2. eta 3. zikloak) eta DBHko ikasleek euskaraz irakurtzea eta idaztea da.
Interesgarria iruditu zait hemen ipintzea azkenengo urteetako ipuinak, gelan oso erabilgarriak izan daitezkeelako, irakurketa lantzeko eta, era berean, ikasleak idaztera motibatzeko.
2006. urtea
2007. urtea
2008. urtea
2009. urtea

2008ko ipuinen artean, bat aukeratu dut, birziklaketa gaia tratatzen duena:

Komuneko paperaren istorioa

Kaixo! Komuneko papera naiz. Beno, izan nintzen, bizitza asko izan ditudalako. Orain kontatuko dizuet guztia.
Ni komuneko papera nintzen eta pakete batean nengoen, ni bezalako beste batzuekin. Oso pozik bizi nintzen lagunekin, baina, egun batean, norbaitek erosi gintuen eta bere etxera eraman gintuen.
Etxera ailegatu bezain laster, paketea zabaldu zuten eta ni hartu ninduten. Oso gauza handi eta zuri baten alboan utzi ninduten, ze zakarra zen gauza hori!Komuna zen gauza zuria. Handik ordu batzuetara, pertsona bat sartu zen gelan eta komunaren gainean eseri zen. Gero, nire beroki zuriaren zati bat hartu, zikindu eta komunetik bota zuen. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, nire berokia amaitzen hasi zen, biluzik geratu arte.
Orduan, zakarrontzi batera bota ninduten. Han kartoizko eta paperezko gauza asko zeuden: amaitu gabeko marrazkiak, umeen artelan apurtuak, kutxa hutsak... Oso leku triste eta penagarria zen, balio gabeko gauzok hara botatzen gintuztelako.
Inork ez zekien zer gertatuko ote zen. Batzuek uste zuten deabruarekin eramango gintuztela. Beste batzuek, berriz, paper zuri-zuri eta on baten aurrera, Paper Jainkoa izenekoa, joango ginela eta gauza asko emango zizkigula. Nik ez nekien zer pentsatu.
Egunak pasatu ziren eta egun batean soinu handi bat entzun genuen. "Paper Jainkoa da!" —oihukatu zuten batzuek— "Bere etxera eramango gaitu!". Baina ez, ez zen Paper Jainkoa. Bakarrik gogoratzen dut beste gauza bat, guztiekin batera ontzi handiago batera jausi nintzela. Gero, lo geratu nintzen.
Esnatu nintzenean, handiagoa nintzela iruditu zitzaidan. Bai! Handiagoa nintzen! Handia eta karratua! Neure buruari begiratu nion; handia, karratua, estalkiduna... kutxa bihurtu nintzen!
Objektu batzuek uste zuten hiltzean beste bizitza batzuk bizi genitzakeela, eta egia zen. Birziklapena deitzen zioten.
Baina, non nengoen? Ez nekien. Baina bat-batean ate bat zabaldu, ni hartu eta iluntasunetik atera ninduten. Denda batean nengoen eta jendea leku batetik bestera zihoan, zapatak begiratzen. Zapatak eta zapatak, kutxen barruan, leku guztietatik zeuden. “Zapata batzuk sartuko dizkidate!” pentsatu nuen.
Orduan esku batzuek ni zabaldu eta “Puma” izeneko bi kirol oinetako sartu zizkidaten. Gero, apal batean jarri ninduten. Orduak pasa eta gero jendea joaten hasi zen. Azken pertsona joan zenean guztia ilun geratu zen eta nire barruan zeuden kirol oinetakoekin hizketan hasi nintzen. Horrela, “Pu” eta “Ma” ezagutu nituen. Anaiak ziren, 38 neurrikoak eta Puma markakoak. Ia beti eztabaidatzen zeuden eta, batzuetan, borrokan. Nik eskatu nien, mesedez, geldi egoteko, min ematen zidaten eta.
Une hartan, norbaitek negar egiten zuela entzun genuen. “15 neurrikoak, isildu, mesedez, horrela ezin da lorik egin!”. 15 neurrikoen kutxak protestatu zuen—“Ez da hain erraza, txikiak dira eta!”. Orduan, 40 neurriko zapatek, oso serio, esan zuten— “Mesedez, ganora pixka bat!”. “Isildu!” —esan zuten “Pu”-k eta “Ma”-k. “Bikote pijoa!” erantzun zuen norbaitek, eta zapata eta kutxa guztiak eztabaidatzen hasi ziren. Eskerrak azkenean guztiok lo geratu ginela!
Hurrengo egunean erosi gintuzten, “Pu”, “Ma” eta hirurok. Ni berriz bota ninduten zakarrontzira eta nire hurrengo bizitzak honako hauek izan ziren: koaderno bat, egutegia, gaileta kutxa eta mila gauza gehiago.
Badakizu zer naizen oraintxe? Zure eskuetan duzun ipuinaren orria naiz eta hauxe da nire biziaren bizitzarik zoriontsuena."
Guillermo Manzanares Domínguez
La Salle - Bilbao

No hay comentarios: